XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Prebentzio primario eta sekundarioa ongi beteko lukeen alternatiba sanitario berri batek, hiru ondorio hauek ekarriko dizkigulakoan gaude: 1- Bizitzaren kalitatea jasotzea (hau da, ongitasun eta osasun hobea lortzea).

2. Morbilitatea (eritasun-tasa) guttitzea.

3- Hilkortasun goiztarren tasa jaitseraztea.

Baina, ikuspegi sozial eta prebentiboko medikuntza lortzea kostako da, kostatu!.

Zergatik? Ba, medikuntza hori sistema zapaltzailearen kontra doakeelako; zer da, bestela, lanaren zentzua eta honen kondizio eta erlazio sozialak aldatzea?, satsudurarekin amaitzea eta heziketa jator bat berrantolatzea?.

Hor eta horregatik gaisotzen bagara, hortik hasi beharko luke sendakuntzak eta ez garrantzi sekundarioa duten ekintzetatik; honela gertatzen ez bada, medikuntza sistemaren morroi delako ez da gertatzen eta ez beste ezergatik.

Osasuna gizon guztien eskubidea dela aldarrikatzen dugu; baina eskubide hori gaur egun lapurtua aurkitzen da; eta lapurrak, asko eta garrantzi ezberdinetakoak dira.

Honela: Behe mailan, herria bera ipiniko genuke, bere izpiritu kontsumatzailearekin; lapur ttipiena berau, ez bait da sistemaren marioneta eta produktu baino.

Goraxeago, sanitariook aurkituko ginateke, klase elitista bezala jokatzen dugunok; lapur handiagoak, baina ez inportanteenak.

Hurrengo mailan, instituzioak leudeke (Unibertsitateak, INP, Osasun Ministeritza, etab).

Azkenik, goi-goian, benetako erruduna eta lapurra: Sistema kapitalista zapaltzailea (bere trust eta multinazionalekin).

Aurreko hiru mailak ez dira laugarrenaren zerbitzurako baino bizi.

Unibertsitateek, adibidez, funtzio hori dute; horregatik, medikuntza prebentiboaren ikerketek eta irakaspenek ia ez dute existitzen, edo hutsuneak betetzeko materiak bailiren ematen dira.

Ez al dago hor intentzio argirik?.

Aldakuntza sanitario sakonak, botere politikoa eskatzen du, sistemaren erorketa eta mentalitatearen aldaketa; herri xeheagandik hasi eta administrazioraino.